Vertedero de Urteta
Urteta zabortegia
2014ko maiatzaren 15eko bilkuran Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak erabaki zuen Urteta zabortegia 2014ko abenduaren 31n ixtea. Horretarako beharrezko izapide eta eginbideak bideratu ondoren, 2014ko abenduan isuri ziren azkenekoz bertara hondakinak. Zer esan nahi du zabortegia ixteak? Zer egin behar da ondoren? Nola berreskuratu zabortegiaren eremua? Ondoren dituzu horri buruzko argibideak, labur-labur. Nolanahi ere den, zigilatzeko obrei edo berreskuratzeko prozesuari buruzkoa argibide zehatzagoak nahi izanez gero, Udal Elkarteko Ingurumen Sailera jo dezakezue.
Ohar orokor batzuk
Zabortegia ixteari dagokionez, honako ohar hauek kontuan hartu behar dira:
- 2014ko abenduaren 31n zabortegia ixteak esan nahi du data horretatik aurrera ez dela gehiago hondakinik isuri eta zabortegia behin betiko ixteko prozesuari ekin zaiola. Aurrerago ikusiko dugunez, prozesu hori zehatz mehatz arautzen du araubideak eta oso luzea da.
- Zabortegia behin betiko ixteak bi fase nagusi ditu: batetik, hondakinak pilatuta dituen eremua zigilatu egin behar da, eta, bestetik, prozesu horren ondoren zabortegian hogeita hamar urtez, gutxienez, jarraipen, kontrol eta mantentze-lanak egin behar dira.
- Zabortegia kudeatzeko eta ixteko prozesua ingurumen baimen integratuak arautzen du besteak beste. Udal Elkarteak 2011n eskuratu zuen baimen hori. Baimen hori Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko Sailordetzak eman eta kontrolatzen du (hori da EAEn horretarako eskumena duen ingurumen organoa). Xehetasun maila eta eskakizun maila handiko baimena da eta askotariko faktore, aldagai eta parametroak zaindu eta bete behar dira. Horrenbestez, zabortegia ixteko prozesuko obra eta jarduerek aipatutako organo horren onespena behar dute.
- Hiri hondakinen zabortegiak instalazio biziak dira eta, sarri, ez da erraza hondakinek isuri, zabaldu, zapaldu eta lurrez estali ondoren izango duten portaera erabateko zehaztasunez aurreikustea. Halaber, ez da erraza lixibiatuen portaera (euri urak hondakinekin nahastuta sortzen diren ur kutsatuak), lurpeko erreken portaera edo gasen portaera zehaztasun osoz aurreikustea.
- Zigilatzeko lanak egiteko kontuan hartu behar dira baldintza metereologikoak, izan ere, lan horiek egiterakoan euri askoko boladak izaten badira obren egutegiak atzerapen handiak izan ditzake.
Zigilatzeko prozesua
Zabortegian hondakinak isurtzeari utzi ondoren isurketa eremua zigilatu egin behar da, hondakinak isuritako eremura euri urik sar ez dadin.
Zigilatzeko prozesua, laburbilduta eta zehaztasun teknikoak alde batera utzita, honako geruza hauek jartzean datza, hurrenkera honetan:
- Lur geruza lodia jarri azken hondakinen gainean: lur geruza horrekin zabortegiari amaierako forma emango zaio, aurreikusitako malda eta ezpondekin.
- Bentonita geruza (buztinaren antzeko material) euri urak ez iragazteko.
- Polietileno geruza, eremua iragazkaizteko.
- Geodrena instalatu, lixibiatuak drainatu eta bideratzeko.
- Azken lur geruza jarri.
Prozesu hori egiten ari gara Urteta zabortegian hondakinak isuri eta pilatu diren eremuetan. Hondakinak pilatutako eremuak ezin dira hondakinak pilatzeari utzi bezain laster behin betiko zigilatu, izan ere, egonkortzen utzi behar zaie epealdi luze batean.
Zabortegia: eremuak
2009an zabortegiko ustiaketa-eremua goitik behera berrantolatu eta berregituratu zuen Udal Elkarteak (ustiaketa-planean jasota dago berrantolaketa hori). Zabortegiaren ustiaketa eremuaren azalera lau zelda edo eremutan zatitu zen. Ustiatzeko antolaketa horrek murriztu egin du lixibiatuen sorrera, zabortegiaren zati bat ustiatu izan delako (zati aktiboa), eta aukera eman duelako, aldi berean, zabortegiko beste zatietan egokitzapen edo obrak egiteko, ustiaketa lanak eten gabe.
I, II, III eta IV. zelda edo eremuak zabortegiko eremuaren lau zati dira, zabortegiaren bilakaeran bereiz bete direnak eta bereiz zigilatzen ari garenak. Hona hemen:
- I. zelda, IEko zatia (ipar ekialdeko zatia).
- II. zelda, HEko zatia (hego-ekialdeko zatia).
- III. zelda, HMko zatia (hego mendebaldeko zatia).
- IV. zelda, IMko zatia (ipar mendebaldeko zatia).
Zeldak zigilatzeko lanak
Zabortegia zigilatzeko obrak 2014an hasi ziren eta, aurreikusitakoaren arabera, 2020an amaituko dira. Hona hemen zabortegiko zelda edo zatiak behin betiko zigilatzeko egutegi orokorra:
2014
- Behin betikoa, Zabortegiko aurrealdea, 15.000 m2
- Behin-behinekoa, II. zelda, 10.500 m2
2015
- Behin-behinekoa, III. zelda, 23.800 m2
- Behin betikoa I. zeldako oinarria, 8.000 m2
- Behin betikoa IV. zeldako oinarria, 7.000 m2
2020
- Behin betikoa III. zelda, 23.800 m2
- Behin betikoa II. zelda, 10.500 m2
Zigilatu ondoren
Araubideak ezartzen duenaren arabera, zabortegia zigilatu ondoren, 30 urtez, gutxienez, zaintza eta mantentze lanak egin behar dira, zabortegiak ingurumenari kalterik ez diola egingo bermatzeko eta ingurua berreskuratzen joateko. Horretarako, diru fondo bat eratua du Urola Kostako Udal Elkarteak, epealdi horretako lanen gastuei aurre egin ahal izateko.
Zabortegia etorkizunean
Hasieran adierazi dugun bezala, hiri hondakinen zabortegiak instalazio biziak dira eta zail da zehaztasun osoz jakiten zer nolako portaera izango duten. Ondorioz, ingurua berreskuratu eta beste zein erabilpen eman erabakitzea aurreragoko gaia da, izan ere, ikusi egin behar da behin betiko zigilatzeko lanak amaitu eta zer nolako portaera duen epe erdi eta luzera.