Berriak
Atzealdea

Urola Kostako Udal Elkarteak koronabirusaren hedapena saihesteko protokoloa ezarri du

Era mugagabean hartu dira erabakiak, arriskuak berriz ebaluatu eta bestelako abisurik jaso arte

2020·03·13


Eusko Jaurlaritzak emandako gomendioak aintzat hartuta, Urola Kostako Udal Elkarteak koronabirusaren hedapena saihesteko protokoloa ezarri du. Bestelako abisurik jaso arte,  Udal Elkartearen ekimen-agenda osoa bertan behera geratzen da.

Besteak beste, bertan behera utzi du jendaurreko jarduera oro (ikastaroak, hitzaldiak, lan-saioak) eta administrazioak martxan jarraituko badu ere, jendaurreko harrera- zerbitzua egokitu egingo da. Hau da, herritarrei eskatzen zaie, ahal duten neurrian, beren kontsulta eta eskaerak telefonoz (943 89 08 08),  posta elektronikoz (harrera@urolakosta.eus) edota egoitza elektronikoz egitea.

Zumaiako Soldadura Zentroa itxita

Eusko Jaurlaritzaren aginduz, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztien aurrez aurreko jarduna  etenda bi astez. Beraz, Zumaiako Soldadura Zentroan ez da klaserik emango datozen 15 egunotan.

Open Lab gunea itxita

Open Lab gunea ere itxita egongo da herritarrentzat. Bertan behera geratuko da laborategiko jarduna, bestelako abisurik jaso arte.

Garbiguneak

Eskualdeko 3 garbiguneak zabalik mantenduko dira ohiko ordutegian. Hala ere, zerbitzua beharrezkoa den kasuetan baino ez erabiltzeko deia luzatzen zaie herritarrei.

Hondakinen Bilketa Zerbitzua

Oraingoz, behintzat, eskualdeko hondakinen bilketa zerbitzua normaltasunez mantenduko da. Edozein kasutan, bihartik aurrera, zenbait neurri hartuko dira; alde batetik, errefusaren edukiontziak irekita mantenduko dira (txartela ez erabili behar izateko); bestetik, atez ateko bilketa mantentzeaz gain, 17:00etatik aurrera, organikoaren edukiontzia irekitzeko aukera izango dute merkatari, ostalari eta zerbitzuetako profesional guztiek.

Laneko prebentzio neurriak

Administrazioak martxan jarraituko du, baina Osakidetzak emandako aholkuak aintzat hartuz, langileek neurriak hartuko dituzte. Beti ere herritarrenganako zerbitzuak mantenduz, etxetik lan egitea eta ahal den neurrian aurrez aurreko topaketak saihestea dira ezarri diren neurrietako batzuk.

Udal Elkarteko zerbitzuak beharrezkoak diren kasuetan bakarrik erabiltzeko deia egiten zaie herritarrei. Eta, arduraz jokatzeko deia luzatzearekin batera, Osasun Sailak emandako gomendioak arduraz jarraitzeko eskaera egiten zaie herritarrei.