Berriak
Atzealdea

Ostegunetik aurrera beharrezkoa izango da txartela Aian organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekitzeko

Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian organikoaren eta errefusaren edukiontziak zabalik egongo dira otsailaren 15era arte

2018·01·29


Hondakinak biltzeko sistema berria ezarpen fasean barneratu da bete betean eta datorren ostegunean, otsailak 1, sartuko da indarrean. Egun horretatik aurrera, beharrezkoa izango da txartela Aian organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekitzeko. Gainerako udalerrietan (Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian), aldiz, otsailaren 15era arte errefusaren eta organikoaren edukiontziak zabalik egongo dira (txartelik gabe irekitzeko); otsailaren 15etik aurrera, ordea, beharrezkoa izango da txartela.

Egun hauetan errefusaren eta organikoaren edukiontziak ireki ahal izateko txartelak jasotzen ari dira gutun bidez herritar guztiak. Txartel horiek soilik irekiko dituzte beren etxebizitzari dagokion bilketa puntuko organikoaren eta errefusaren edukiontziak. Txartela galdu, hondatu edota oraindik jaso ez duen herritar orok udaletxean edota Udal Elkartean eskuratu ahal izango du. Etxebizitza bakoitzari dagokion bilketa puntua etxe atarietan jarri den kartelean kontsulta daiteke.

Edozein zalantza argitzeko arreta eta informazio zerbitzuak jarri dira bost udalerrietan, astelehenetik larunbatera. Horrez gain, Udal Elkarteko webgunean hondakinak sailkatzeko hiztegia kontsultatu daiteke, baita eskualdeko postontzi guztietan banatu den hondakinak bereizten laguntzeko esku-orria. Aldi berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak pasa den azaroan martxan jarritako “InguruApp” doako apliklazioa ere deskargatu daiteke Play Storetik. Hondakin mota bakoitza non bota behar den zalantza sortzen denean, herritarrek tresna ezberdin horietan egin dezakete kontsulta egoki sailkatzeko.

Etxeko hondakin handiak

Hondakinak Biltzeko Zerbitzu berriarekin batera, astean behin jasoko dira etxeko hondakin handiak. Edukiontzien eremuetan utzi behar dira, 20:00etatik 22:00etara, eta herri bakoitzak bere eguna du: Aian, igandean; Getarian, astelehenean; Orion, asteartean, Zarautzen, asteazkenean; eta Zumaian, ostegunean.

Hondakin handi gisa hartzen dira tresna eta altzariak, bestela esanda, etxebizitza berritu edo aldatzearen ondorioz herritarrek baztertzen dituzten etxeko altzariak eta ekipamenduak (altzariak, etxeko tresna elektrikoak, informatika eta telekomunikazio ekipoak edota erabili ezin diren etxeko bestelako tresnak).