Berriak
Atzealdea

Zarautzen, astelehenaz geroztik, ezinbestekoa da txartela organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekitzeko

Derrigorrezkoa da txartela erabili eta hondakin frakzio bakoitza dagokion edukiontzian uztea. Erabat debekatuta dago hondakin poltsak edukiontzien kanpoaldeetan uztea

2021·05·19


Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak Covid-19 delakoak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera deklaratu zuen; eta zenbait neurri ezarri zituen herritarren osasuna eta segurtasuna babesteko, birusaren hedapena saihesteko eta osasun sistema publikoa indartzeko. Era berean, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak etxeko hondakinen kudeaketari eta Covid-19ari buruzko jarraibide bat idatzi zuen.

Aipatu araudiaren arabera, eta Eusko Jaurlaritzaren gomendioei jarraituz, Urola Kostako Udal Elkarteak hainbat neurri hartu zituen Hondakinak Biltzeko Zerbitzuan. Besteak beste, 2020ko martxoan erabaki zen errefusaren eta hondakin organikoen edukiontziak (gris eta marroi kolorekoak) irekita mantentzea; beti ere, herritarren eta bilketa zerbitzuko langileen osasuna eta segurtasuna babesteko helburuarekin.

Zerbitzuaren berrantolaketa eta txartelaren erabilera

2020ko urriaz geroztik, hondakinak biltzeko sistema berrantolatzeko prozesuan murgilduta dago Urola Kostako Udal Elkartea. Hain zuzen ere, kaleko edukiontzietako nahiz saltoki eta enpresetako hondakinen bilketak aztertu eta optimizatzeko neurriak hartu dira, herriz-herri.

Berrantolaketaren baitan, errefusaren eta organikoaren edukiontzien itxiera izan da lan ildoetako bat. Izan ere, organikoaren edukiontzian inpropioen kopuruak gora egin du eta errefusaren edukiontzietan ostalaritzako poltsa beltz asko agertzen ari dira.

Aurretik gainerako herrietan egin bezalaxe, Zarautzen astelehenean gauzatu zen edukiontzien itxiera. Beraz, txartel bidez zabaldu beharko dira organikoaren eta errefusaren edukiontziak. Derrigorrezkoa da hondakin frakzio bakoitza dagokion edukiontzian uztea eta erabat debekatuta dago hondakin poltsak edukiontzien kanpoaldeetan uztea.

Txartel bakoitza etxebizitzari dagokio, eta soilik irekitzen ditu norberaren etxebizitzari dagozkion bilketa puntuko organikoaren eta errefusaren edukiontziak. Txartela galdu edota hondatuz gero, Urola Kostako Udal Elkartean berri bat eskuratu ahalko da.

Urola Kostako Udal Elkartea, Hondakinak Biltzeko Zerbitzua

Urdaneta bidea 6, 20800 Zarautz

  • Tel. 943 890808
  • hondakinak@urolakosta.eus