Berriak
Atzealdea

Astelehenetik aurrera, organikoaren eta errefusaren edukiontziak txartel bidez zabalduko dira Zarautzen

Edukiontziak ireki ahal izateko, txartela ezinbestekoa izango da astelehenetik aurrera (maiatzak 17).

2021·05·14


Edukiontziak ireki ahal izateko,  txartela ezinbestekoa izango da astelehenetik aurrera (maiatzak 17). 

Aurretik Aian, Getarian, Orion eta Zumaian egin zen bezala, errefusaren eta organikoaren edukiontziak itxiko dira Zarautzen. Datorren astelehenean gauzatuko da edukiontzien itxiera eta txartel bidez zabaldu beharko dira organikoaren eta errefusaren edukiontziak.

Txartel bakoitza etxebizitzari dagokio, eta soilik irekitzen ditu norberaren etxebizitzari dagozkion bilketa puntuko organikoaren eta errefusaren edukiontziak. Txartela galdu edota hondatuz gero, berri bat eskuratu ahalko da Urola Kostako Udal Elkartean.

Txartelaren inguruko gorabeheraren bat izanez gero, herritarren eskura dago Hondakinak Biltzeko Zerbitzuaren informazio eta arreta zerbitzua:

Urola Kostako Udal Elkartea, Hondakinak Biltzeko Zerbitzua

  • Urdaneta bidea 6, 20800 Zarautz
  • Tel. 943 890808
  • hondakinak@urolakosta.eus

Kontzientziazio-ekintzak

Bide batez, Udal Elkarteak eta Zarauzko Udalak gogorarazi nahi die herritarrei hondakin frakzio bakoitza dagokion edukiontzian uzteko betebeharra; erantzukizunez jokatu eta edukiontzi-guneak errespetatuz. Erabat debekatuta dago hondakin poltsak edukiontzien kanpoaldeetan uztea.

Ildo horretan, Udal Elkarteak herritarren kontzientziazioan eragiteko zenbait ekintza bideratuko ditu aurrerantzean. Esaterako, edukiontzien kanpoaldean utzitako hondakinei, zein dagokion egunetik kanpo kalean utzitako hondakin handiei pegatinak jarriko zaizkie. Eta herrian informazio-totemak ere jarriko dira (Aian, Getarian, Orion eta Zumaian egin bezala) herritarrei hondakinen gaikako bilketaren garrantziaz sentsibilizatzeko helburuarekin.

Herritarrei deia

Premiaz dei egiten zaie herritar guztiei, hartutako neurriak errespetatu eta bete ditzaten. Erantzukizunez jokatzeko garaia da: guztion osasuna babesteko modu bakarra da-eta;  baita bilketa zerbitzuko langileena ere.

Bitartean, Udal Elkarteak lanean jarraituko du, segurtasun neurriak bermatu eta guztion osasuna eta segurtasuna babesteko.