Noticias
Atrás

Urola Kostako Eskolako Agenda 21eko foroak eta udalbatzarrak Zumaia eta Zarautzen

1
Zumaiako ikasleek herriko hondakinen gaia zertan den azaldu diete udal agintariei, maiatzaren 23ko udalbatzarrean. Zarautzen maiatzaren 30ean egingo dute.

25·05·2018


Ikasturte honetan Eskolako Agena21 programan hondakinen gaia aztertu eta landu dute Zumaia eta Zarauzko 11 ikastetxek (orotara 5.332 ikaslek parte hartu dute).

Gaia ikuspegi ezberdinetatik landu dute, inguruko eta mundu zabaleko egoera ezagutzeko edukiak jorratu dituzte, ikasgelan gaiaz mintzatu dira eta herriko egoera zein den ikertu dute. Horren bidez, beren herriko diagnostikoa egin du ikastetxe bakoitzak eta ondoren, ikasle ordezkariak elkartu eta ikastetxeen arteko foroetan partekatu eta adostu dute egindako lana. Lanketa horren azken urratsa udal agintariekin elkartu eta beren proposamenak aurkeztu eta udal agintarien erantzunak jasotzea da.

Zumaian udalbatzarra maiatzaren 23an

Maiatzaren 23an elkartu dira Zumaiako ikastetxe guztietako ikasle ordezkariak udal ordezkariekin, Eskolako Agenda 21aren udalbatzarra ospatzeko. Bertaraturiko ikasleei ongietorria eman ondoren, ikasturtean zehar ikasleek buruturiko azterketen emaitzaren berri izan dute udal ordezkariek.

Ikasleek hondakinen inguruan antzemandako egoera ezberdinak hobetzeko proposamenak egin dizkiete udal agintariei eta hauek proposamenei buruzko iritziak eta erantzunak eman dituzte. Zumaiako ikasleek badakite norberaren erantzukizuna oso garrantzitsua dela eta, horregatik, proposaturiko eskaera bakoitzarekin batera konpromiso bat hartu eta horien berri ere eman dute.

Zarauzko foroa eta udalbatzarra

Zarauzko ikasleek eskolen arteko foroa egin zuten apirilaren 18an, ikastetxe bakoitzean hondakinei buruz egindako diagnostikoa eta landutako proposamenak partekatu eta udalbatzara eramango dituzten proposamenak adosteko. Aritzbatalde Kiroldegiko hitzaldi-aretoan elkartu ziren, Orokieta, Salbatore Mitxelena, La Salle, Antoniano, Lizardi eta Oteitzako ikasle ordezkariak.

Maiatzaren 30ean egingo da Zarauzko Eskolako Agenda 21eko udalbatza. Bertan, ikasleek udal agintariei 6 proposamen aurkeztuko dizkiete, hondakinen arloan egoera hobetzeko.

Eskolako Agenda 21n parte hartu duten ikastetxeak

  • Zarauzko ikastetxeak: LA SALLE IKASTETXEA, SALBATORE MITXELENA IKASTETXEA, LIZARDI INSTITUTUA, OROKIETA HERRI ESKOLA, OTEITZA LIZEO POLITEKNIKOA eta MONTE ALBERTIA BHI
  • Zumaiako ikastetxeak: CEP OIKIA LHI , CEP ZUMAIA HERRI ESKOLA, CO. MARIA Y JOSE eta IES ZUMAIA BHI

Eskolako Agenda 21 programa Urola Kostako Udal Elkarteak bideratzen du eskualdean eta ikasturte honetan Arazi Ideiak Borobiltzen aholkularitza-etxeak dinamizatu du.

1